XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PUNTUZ PUNTU.

Ezaugarri ugari kontuan.

Barazki, fruta eta abere lehiaketak ez dira nolanahi egiten.

Epaimahaiak sariak erabakitzerakoan, produktuen ezaugarri ugari hartzen ditu kontuan.

Halaber, parte hartu ahal izateko, zenbait arau betebeharrekoak dira.

BARAZKI, FRUTA ETA ERREZIL SAGARRAK: Aurkeztutako produktuen kalitatea (tamaina, osasun egoera, itxura, kolorea, heldutasun puntua...) eta aurkezteko era hartuko ditu kontuan epaimahaiak.

Parte hartzeko baldintzei dagokienez, barazkietan gutxienez zortzi mota ezberdin aurkeztuko beharko dira eta bakoitzetik gutxienez kilo bana eta aleka saltzekoak badira dozenerdi.

Frutetan ere gutxienez zortzi mota aurkeztu behar dira eta bakoitzetik bi kilo gutxien jota.

Errezil sagarretan gutxienez hamar kilo ekarri beharko dira.

Sariak honakoak izango dira: atal bakoitzean 20.000 pezetako saria irabazlearentzat eta 15.000koa bigarrenarentzat.

Zumarragako sortarik onenak 10.000 pezeta jasoko ditu.

KAPOI LEHIAKETA: Ebakuntza bidez bi barrabilak kendu zaizkion hegaztia hartuko da kapoitzat (faisaien adarreko gallus gallus motakoa).

Kapoi parearen pisua gutxienez sei kilokoa, adina (8 hilabete baino gehiago baina 10 baino gutxiago), ezaugarri morfologikoak (lumak, itxura...) eta arraza (bertakoa izatea) hartuko ditu kontuan epaimahaiak.

Partehartzaile bakoitzak gutxienez bi pare kapoi ekarri beharko itu, txukun eta osasunez ondo daudenak.

Halaber, irentzea egin zuenaren izena eman beharko da.

Irabazleak 25.000 pezetako saria jasoko du.

BASERRIKO OILASKO LEHIAKETA: Lehiketa honetarako Euskal Herriko baserrietan larrean hazi eta 6 hilabetez beheko oilaskoak hartuko dira baserriko oilaskotzat (faisaien familia gallus gallus adarrekoa) ahal dela bertako arrazakoa.

Oilasko parearen pisua (gutxienez 4 kilo eta gehienez sei), ezugarri morfologikoak (lumak, itxura...) eta arraza (bertakoa izatea) hartuko ditu kontuan epaimahaiak.

Gutxienez bi pare oilasko ekarri beharko ditu parte hartu nahi duenak.

Lehenengo saria 20.000 pezetakoa izango da.

POTTOKA LEHIAKETA: Pottokazaleen Euskal Elkarteak ezarritakoaren arabera, pottoka arrazaren ezaugarriak betetzen dituzten zaldi abereak aurkeztu ahal izango dira.

Gehienez ere bost buru aurkez daitezke.

Pottoka arrazaren ezaugarri morfologikoak, adina eta bertako arraza hobetzea hartuko ditu kontuan epaimahaiak.

30.000 pezetako saria jasoko dute zaldi zein behor onenek.

Urteko moxalik onenak 25.000 pezetako saria izango du.

HARAGITARAKO ZALDI ABERE LEHIAKETA: Bretoi arrazakoak, ardandarrak, pertxeroiak nahiz arraza horien eta pottoka arrazakoen arteko nahasketak aurkeztu ahal izango dira.

Ezaugarri morfologikoak, arraza eta adina hartuko ditu kontuan epaimahaiak.

Zaldirik onenak eta behorrik onenak 30.000na pezetako saria jasoko dute.

Urteko moxal onenak 25.000 pezetakoa.